Archive for March 29th, 2009

Korrika Txikia 2009

korrika_2009

Datorren asteazkenean, apirilak 1, Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxeko ikasle, irakasle eta parte hartu nahi duten gurasoek Korrika txikia egingo dute.

Udaletxeko plaza aurretik aterako da lehen taldea eta bidean besteak joango dira sartzen. Ondoren, ikastetxean denok batera testiguaren barruan eramango diren bertsoak abestuko ditugu eta bukatzeko txokolate beroa gailetekin hartuko dugu. Hori bai, edalontzia ekartzea eskertuko genuke.

Korrika 16.  |  Link

29

03 2009

Altzari, tresna elektriko eta baliorik gabeko traste zaharren bilketa

2009ko martxoaren 25eko Udal Agiria:

Apirilaren 1 eta 15ean, maiatzaren 6 eta 20an eta ekainaren 3 eta 17an Ataunen altzari, elektragailu eta baliorik gabeko traste zaharren bilketa egingo da. Trasteren bat atera nahi duenak, bezperan eta iluntzeko 20:00etatik aurrera atera behar du. Gainera aldez aurretik trasteak zein puntutan utzi behar diren adierazteko, “Sasieta Mankomunitatea” enpresaren 943-161555 erantzungailu automatikora deitu behar da edo info@sasieta.net posta elektronikoa erabili.

ALKATEA

29

03 2009

Euskal Herriko Itzulia Ataunen

2009ko martxoaren 25eko Udal Agiria:

Honezkero jakingo duzuen bezala, apirilaren 6an (astelehena) hasiko den Euskal Herriko Itzulia Ataundik aterako da. Lehen etapak hasiera eta bukaera gure herrian izango du eta bigarren etaparen hasiera ere bai. Konkretuki apirilaren 6 eta 7ko etapen irteerak San Martingo plazatik izango dira eta lehen etaparen bukaera berriz, eskola inguruan. Askotan gertatzen ohi den bezala, horrelako gertaera handi batek eguneroko gure bizitzan zenbait eragozpen sortzen digu. Oraingo honetan horixe da gertatzen dena eta horregatik herritar guztiei pazientzia pixka bat eduki dezazuen eskatu nahi nizueke.

Alde batetik, igande arratsaldetik hasita eta astelehen iluntze arte Mediku etxetik hasita eta Tailerreko zubiraino bidea (atzeko bidea) itxita egongo da ibilgailuentzat eta gainera aipatutako tartean ez da ibilgailurik kanpoan aparkatzerik egongo, bertan karrerara datozen talde desberdinetako auto, autobus eta kamioiak aparkatuta egongo direlako. Arrazoi honengatik euren ibilgailua kanpoan aparkatzeko aukerarik ez dutenek, Bikoitz eta Iztatorzar etxeen artean dagoen soroan utzi ahal izango dute ibilgailua. San Martingo etxeen artean dagoen soroan utzi ahal izango dute ibilgailua. San Martingo plaza ere igande arratsaldetik astelehen iluntzera arte ibilgailuentzat itxi egingo da.

Beste aldetik ziklisten karrerarengatik astelehenean zenbait momentutan errepide nagusia ere itxi beharra egongo da. Gutxi gorabehera goizeko 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldean 16:30etatik 18:40etara hain zuzen.

Gure herritarrentzat modu honetako kirol ekitaldi batek duen garrantzia kontuan izanda, eragozpenak ulertuko dituzuelakoan jaso ezazue gure esker ona.

ALKATEA

29

03 2009

Ongi etorri!

Argazkia: Andoni Munduate (Flickr).

Kaixo bisitari eta ongi etorri blog berri honetara.

Aurkezpena gehiegi luzatu gabe, gauzatxo batzuk azaldu nahi nituzke:

 

  • Blog hau Atauni buruzko berriak era independente eta anitz batean azaltzeko sortu da. Ez dago inolako erakunderi lotuta eta ez du inongo diru-laguntzarik jasotzen. Etorkizunean ere horrela jarraitzeko konpromezu irmoa dugu.
  • Edukiak borondate handiko jendearen lanari esker emango dira argitara. Pertsona horietako bat izan nahi baduzu, gurekin harremanetan jarri besterik ez duzu eta egingo dizugu tartetxo bat noizean behineko ekarpenak edo lankidetza egonkor baten bidez. Hau ez da blog itxi bat, ez irakurleentzako ez eta idazleentzako ere: nahi duenak parte har dezake.
  • Iturri ezberdinetatik jasoko ditugu argitaratutako berriak. Iturri horietakoren bat ordezkatzen baduzu eta behar bezala erabiltzen ez dugula iruditzen bazaizu, esan besterik ez duzu eta akatsak zuzentzen saiatuko gara berehala.
  • Blog gehienetan egin ohi den bezala, honetan ere irakurleek beraien iritziak eman ahal ditzakete. Horretarako iruzkin edo comment-ak erabil ditzakezue. Blogaren kudeatzaileek izango dute, dena den, egokiak iruditzen ez zaien iruzkinak ezabatzeko eskubidea. Ez da inolako jarrera ezegokirik onartuko, baina ahal den neurrian adierazpen askatasuna errespetatzeko konpromezua hartzen dugu.

Besterik ez oraingoz. Mila esker zuen bisitagatik eta ongietorriak bitez zuen ekarpenak.

Laster arte.

 

Andoni Munduate Dorronsoro
Ataun.info-ren kudeatzailea

29

03 2009