Posts Tagged ‘Ataungo Udala’

Aberri Eguna 2009

2009ko martxoaren 30eko Udal Agiria:

Datorren igandean, hilak 12, Aberri Eguna ospatuko da Euskal Herri osoan. Azken urteetan egin ohi dugun bezala, aurten ere gure herrian ospatzeko asmoa daukagu. Ospakizuna eguerdiko 11 eta erdietan hasiko da udaletxe aurrean. Herritar guztiak zaudete ekitaldian parte hartzera gonbidatuta.

Bide batez, udaletxean egingo dugun bezala, herriko balkoietan ikurrina jartzea eskatzen dizuegu.

ALKATEA

01

04 2009

Euskal Herriko Itzulia Ataunen (2)

2009ko martxoaren 30eko Udal Agiria:

Apirilaren 6 eta 7an Euskal Herriko Itzulia Ataunen izango dugu. Antolaketa behar bezalakoa izan dadin, denon aldetik ahalegina egin beharrean gaude. Horregatik ondorengo oharrak kontuan izatea eskatzen dizuegu:

  1. Aurreko udal agirian esaten genuen bezala, igande arratsaldetik astelehen iluntzera Mediku etxetik hasita eta Tailerreko zubiraino (atzeko bidea) ez da kanpoan ibilgailurik aparkatzerik izango. Karrerako orduetan izan ezik, aipatutako zatian garajeetan ibilgailuak dituztenak sartzeko-ateratzeko aukera izango dute. Beti ere sarrera bezala Tailerreko zubia hartuko da eta irteera bezala bidartekoa.
  2. Astelehenean, bai Arrondo aldetik eta baita Kaxeta aldetik ere Urkillagako bidea 13:15tatik aurrera itxi egingo da.
  3. Karrera pasatu behar den lekuetan animaliak (behiak, txakurrak, …) behar bezala zaintzea eskatzen da.
  4. Kanpotik karrera ikustera etorri nahi dutenentzat antolatzaileek zenbait aparkaleku jarri dituzte. Gainera ordena honetan lekuak betetzen joango dira: lehendabizi, Aitzarte aldea, gero hilerri aldea, hirugarrenik Berraingo zelaiak eta azkenik Zubikoetako soroa. Hauez gain gasolindegian ibilgailua utzi eta herribidetik oinez etortzeko aukera ere hor dago nahi duenarentzat.
  5. Datozen egunetan karrerarengatik San Martingo plazako edukiontziak Mediku etxe ondoan jarriko dira.
  6. Zortzi eta hamabi urte bitarteko umeek ere txirrinduan ibiltzeko aukera izango dute. Astelehenean eguerdiko 12:30ak aldera San Martingo plazara agertu behar dute bizikleta eta kasko eta guzti.
  7. Astelehenean eguerdiko 12:30etatik 13:30etara San Martingo plazan taldeen aurkezpena eta txirrindularien sinadura egingo da.

ALKATEA

01

04 2009

Altzari, tresna elektriko eta baliorik gabeko traste zaharren bilketa

2009ko martxoaren 25eko Udal Agiria:

Apirilaren 1 eta 15ean, maiatzaren 6 eta 20an eta ekainaren 3 eta 17an Ataunen altzari, elektragailu eta baliorik gabeko traste zaharren bilketa egingo da. Trasteren bat atera nahi duenak, bezperan eta iluntzeko 20:00etatik aurrera atera behar du. Gainera aldez aurretik trasteak zein puntutan utzi behar diren adierazteko, “Sasieta Mankomunitatea” enpresaren 943-161555 erantzungailu automatikora deitu behar da edo info@sasieta.net posta elektronikoa erabili.

ALKATEA

29

03 2009

Euskal Herriko Itzulia Ataunen

2009ko martxoaren 25eko Udal Agiria:

Honezkero jakingo duzuen bezala, apirilaren 6an (astelehena) hasiko den Euskal Herriko Itzulia Ataundik aterako da. Lehen etapak hasiera eta bukaera gure herrian izango du eta bigarren etaparen hasiera ere bai. Konkretuki apirilaren 6 eta 7ko etapen irteerak San Martingo plazatik izango dira eta lehen etaparen bukaera berriz, eskola inguruan. Askotan gertatzen ohi den bezala, horrelako gertaera handi batek eguneroko gure bizitzan zenbait eragozpen sortzen digu. Oraingo honetan horixe da gertatzen dena eta horregatik herritar guztiei pazientzia pixka bat eduki dezazuen eskatu nahi nizueke.

Alde batetik, igande arratsaldetik hasita eta astelehen iluntze arte Mediku etxetik hasita eta Tailerreko zubiraino bidea (atzeko bidea) itxita egongo da ibilgailuentzat eta gainera aipatutako tartean ez da ibilgailurik kanpoan aparkatzerik egongo, bertan karrerara datozen talde desberdinetako auto, autobus eta kamioiak aparkatuta egongo direlako. Arrazoi honengatik euren ibilgailua kanpoan aparkatzeko aukerarik ez dutenek, Bikoitz eta Iztatorzar etxeen artean dagoen soroan utzi ahal izango dute ibilgailua. San Martingo etxeen artean dagoen soroan utzi ahal izango dute ibilgailua. San Martingo plaza ere igande arratsaldetik astelehen iluntzera arte ibilgailuentzat itxi egingo da.

Beste aldetik ziklisten karrerarengatik astelehenean zenbait momentutan errepide nagusia ere itxi beharra egongo da. Gutxi gorabehera goizeko 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldean 16:30etatik 18:40etara hain zuzen.

Gure herritarrentzat modu honetako kirol ekitaldi batek duen garrantzia kontuan izanda, eragozpenak ulertuko dituzuelakoan jaso ezazue gure esker ona.

ALKATEA

29

03 2009